XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskubide politikoen berdintasun ideial hura, hortaz, eta ahuntzaren gauerdiko eztula, gauza bera, praktikan.

Famili talde batek ziharduen botere politikoa era oligarkikoan, gisa honetan gero eta indartsuago, boteretsuago eta aberatsago bihurtuz.

Foru-berdintasuna zeneko mitoa gaurregungo historilariek sakon eta zorrozki aztertua dute.

Berdintasunezko ideien azpian itxurosoki zeutzan botere oligarkikoaren oinarri material eta ideologikoak agirian gelditu dira.

Hemeretzigarreneko Donostiak eman zuen irudiak, ordea, hobeki iraun duela esan daiteke.

Gaurregungo historigileek, Donostiari eta, kasuan kasuko, Bilbori dagozkiola, Udalak eta Merkatal Batzordeak batera Probintziaren aurkako kontraldien baitan burgeseria liberalaren interesak zeutzatela hartzen dute haintzakotzat.

Baina maizegi hiria osotasun bakartzat aztertzen dute, eta bertako ordezkariek defendaturiko interesak herri osoarenak izango bailiren jo ohi dituzte.

Donostiako diru-iturri oparoa merkatalgoa zelako, biztanleria guztiak merkataritzaren eliteen alde jokatzen zuela ematen du.

Baina aurreko mendeetan Donostian bizi ziren biztanleek ez zuten, ez eta urrutitik ere, batasunik osatzen, noski.

1826. urtean Aresti doktoreak egindako txostenak (Luis Sanchez Granjel-ek jaso duen bezalaxe) datu adierazgarri hau aipatzen du, alegia: biztanleriaren herena, urte hartan, hiriaren inguruetako baserrietan sakabanaturik bizi zen.

Bertako kontsumorako beharrezko zen garia eta artoaren bi herenak produzitzen zituen.

Hortaz aparte, hiriak bereganatuko zituen babak, lekak eta sagardoa ere Donostialdean lantzen zen.

Barazkiak eta frutak, areago, Bizkaialdeko itsasertzera esportatzen ziren.

Bidenabar, donostiar hauen bizimoduak eta probintziako jendearenak askoz ere hurbilago zeuden elkarretik, Donostiako merkatarienetatik baino.

Hango (S. Martin auzoan) etxeak pattal-pattalak dira, gehientsuak txabola zikin eta lohitsuak, bertako jendearen axolagabekeria eta zikinzaletasunarengatik; (auzoko) mutur batean gangeri ospitalea, bestean zibila, erdialdean hilerria eta larru-lantegia dutela erantsi beharra dago; horrez gain, gangeriak jota dauden barrualdeko herrietatik datozen gurdizaleak bertan gelditzen dira.

Aresti doktorearen txostena.